Francisco Herrero
Francisco Herrero biolin-jole donostiarrak Donostiako Kontserbatorioan burutu zituen bere biolineko goi-mailako ikasketak, eta Gipuzkoako Aldundiaren beka batekin jarraitu zuen bere prestakuntza, Sioneko (Suitza) Kontserbatorioan, Tibor Vargarekin. Bere ikasketetan zehar hainbat sari irabazi zituen interprete gisa Estatuko eta nazioarteko lehiaketetan.
Bere ibilbidean zehar, musika klasikoaren interpretazioa beste genero batzuekin uztartzen jakin izan du, bereziki, euskal musika herrikoiarekin. 1999an, Alos Quartet sortu zuen, musika klasikoa eta folk-a bateratzen dituen taldea, eta honekin disko ugari argitaratu eta nazioarteko birak egin ditu. Gainera, orkestra garrantzitsu askorekin kolaboratu du, hala nola, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa edota Sevillako Orkestra Barrokoa, eta hainbat generotako artistekin proiektu askotan parte hartu du.
Duela 25 urte baino gehiagotik Errenteriako Herri Arte Eskolan biolin irakaslea da, eta bertan, goi mailako musika ibilbidea jarraitu duten ikasle asko trebatu ditu.


